Olentzero iritzi artikulua

Nork esan zuen Olentzero gizonezkoa zela?

Olentzero, Onentzero, Onontzero, Orentzaro, Orantzaro… beti ere, aro bat eta, horretaz gainera, Joxe Miel Barandiaranek idatzi zuenez, Naparroako eta Gipuzkoako muga inguruetako errietan Gabon batean agertu oi dala esaten duten izaki bat. Gerokoak ditugu hortzetako pipa, ikazkina, tripazain bizartsua, kapoitxuak eta oparigileak; gerokoa, halaber, agure tzar horrentzako Mungiako baserri ederra. Esan liteke furgoneta baizik ez zaiola falta mendira lanera joateko, batzuetan, eta ibiltzera eta eskiatzera, beste batzuetan. Izan ere, euskaldunok harreman handia dugu mendiarekin, eta irudi bukolikoa, komertziala, sortzen da mendiak gibelean agertzen badira.

Furgoneta eta, Jainkoak esan zuenez Hasieraren Liburuan, Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna. Eta denok dakigu gizonaren saihets-hezurrez Jainkoak emakumea moldatu eta gizonari eraman ziola. Eta hara non, Olentzero bakarrik egon ez zedin, Horra Mari Domingi begira horri / lotan dago zure seme laztana / haurtxoa esnatu, Jose haserretu, Mariak goxo-goxo dena konpondu…agerian uzten du eredu matxista eta heterozentrikoa bete-betean.

Aitor dezagun asmakizunak ongi funtzionatu duela. Ez bada, lehen esandakoaren arabera, Olentzero aro bat dela eta, gainera, izaki bat. Ez, nahitaez, agure zoldaz estali bat, alegia. Badakigu emakumezkoen jantzian ere irudikatu izan dela eta irudikatzen dela Euskal Herriko hainbat herri eta txokotan. Zergatik ez Olentzero emakumezko bat? Ez ote lituzke opariak berdin-berdin ekarriko? Eta trabestia balitz, bazterrean utziko ote lituzke bere eginbeharrak?

Ez dezagun ahaztu Mari Domingi gaixoa, bere gona zaharrarekin. Olentzeroren neskalaguna delako atera da gure herrietako plazara, oso berriki atera ere. Baina Olentzero maritxua balitz eta Mari Domingi lesbiana, adiskide izan nahi badute eta besterik nahi ez badute; Mari Domingi marimutil edo transgeneroa bada eta baita Olentzero ere, zer galduko genuke? Zergatik izaki berriok sortu, ar eta eme, betiko bitar sistemari men eginez? Bakarra ez ote genuke aski, batzuetan emakumezko, bestetzuetan gizonezko, hemen trans, han intersex?

Gure jendartean dagoen genero eta izaera aniztasuna hobeki islatuko litzateke horrela. Eta, bidenabar, mesede latza armairuan bizitzera kondenatuta bizi diren milaka eta milaka haur eta heldu euskaldunentzat, edo bestela matxismoaren eta LGTBIQfobiaren ondorio zuzenak pairatzen duten guztiei. Hori dela-eta, Steilas sindikatutik animatzen zaituztegu Olentzero anitzak egitera eta jartzera zuen eskoletan eta etxeko balkoietan.