Goardia zibilaren beste operazio bat: zaharrak berri

STEILASek errefusatzen du gaur hainbat euskal herritarren kontra egindako operazioa, zeinean 16 lagun atxilotu dituen guardia zibilak. Sarekada hori azken urteetan izandako beste asko bezalakoa da, eta, beste kasuetan bezala, amorrua eta oinazea baino ez dute bilatzen.

Gainera, ezin da ahaztu operazio hori gauzatu dela euskal gizartea presoen eskubideen aldeko mobilizazio erraldoia izan eta gero. Hala ere, batzuk ez omen dute ulertu nahi egoera aldatu dela eta bakea eta normalizazio politikoa bihurtu dela gehiengoaren ametsa; konponbiderantz urratsak eman beharrean, prest daude oztopo gehiago jartzeko.

STEILASek uste du hau ez dela bidea, atxilotuak kaleratu behar dituztela eta bultzada politikoa duten ekimen hauek bertan behera gelditu behar direla betiko. Aldi berean, pertsona guztien eskubide guztiak errespeta daitezen exijitzen dugu eta elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak finkatzeko egiten ari diren esfortzuak txalotuz, bide horren alde bere indarrak jartzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.

Sindikatu honek, beraz, bat egiten du antolatuko diren mobilizazioekin. Gure salaketarekin batera, elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuei.

2015o urtarrilaren 12an

STEILASeko Nazio Batzordea