Abelen biluztasuna publikoaren alde

Abelen biluztasuna publikoaren alde.
Abel Azconak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi
zuen pasa den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.
Abelek berak ere honelako ekintza egitearen ondorioz nolako tratua izanen zuen ez zuen
jakinen, seguruenik, eta bere gain hartu zuen aldarrikapenaren arriskua. Abelek emandako
azalpenen arabera , bortitz eta zakar tratatu zuten udaltzainek. Aldarrikapenaren errepresioa
ohiko kontua da gure herrian, eta hizpide azken bolada honetan, muturreko eskuinak legeak
ezartzen dituen zigorrak gogortu nahi dituen momentu honetan, nahiz Mozal Legearen bitartez,
nahiz tokian tokiko udal ordenantzen bitartez.
Abel Azkonari elkartasun osoa agertu nahi dio STEILASek, hezkuntza publikoarekin
erakutsi duen konpromisoagatik, publikotasunaren garrantzia nabarmentzeagatik. Ez da bere
interes pertsonalengatik eginiko ekintza, hausnarketarako deia da, bai eta ikasketa artistikoek
bizi duten egoera tamalgarriaren salaketa ere. Sare publikoan goi mailako Diseinu Ikasketak
egiteko biluzturiko oihuaz baliatu da.
Hezkuntza Departamentuak gaiari behar bezala heldu behar lioke berehala, are gehiago
kontuan hartzen badugu Nafarroa dela, Kantabriarekin batera, hezkuntza publikoan honelako
goi mailako ikasketak eskaintzen ez dituen Erkidego bakarra. Eta egoera honen atzean
ikasketen pribatizazioa dagoela jakitea guztiz lotsagarria da, baina berau UPN eta PPren
hezkuntza politikaren ikurra da. Alfonbra gorria eskaintza pribatuari, kontzertinak publikoari.
Iruñeko Arte Eskola Publikoan goi mailako ikasketak egiteko hamar urte luzeko
aldarrikapenaren aurrean gaude, baina Administrazioak ez entzunarena egin du behin eta
berriro. Orain, hauteskunde atarian gauden honetan, Correllan eskainiko direla eman dute
aditzera, kontuan hartu gabe berri honek ez dituela asetzen ikasleen beharrak ( gehiena
Iruñerrikoa da). Beste behin ere UPNren agintekeriaren aurren gaude, bere feudoan, Corellan
bertan eta inguruan, botoak mantentzearren.
Iruñeko Arte Eskolako ikasleek euren protesta Departamentura eraman dute, eta sare
publikoan ikasteko aldarrikapena nabarmendu dute, bai eta Abel Azconarekiko elkartasuna ere.
Polizia Foralak aterarazi ditu. Berriro errepresioa.
Arazoaren jatorrira joan behar dugu, eta dei publikoa egin nahi diogu maiatzeko
hauteskundeen ondorioz gobernuaren ardura hartuko duen alderdiari benetako lana egin dezan ikasketa artistikoen alde, LOMCEk ikasketa hauek iraintzen ditu, eta orobat, sare publiko osoa sendotzeren alde. UPNren utzikeria begibistakoa da; erakutsi duen kudeaketa txarra
asaldagarria.
Biluztasuna genero artistiko dela gogorarazi digu Abelek; artean biluztasunak erakutsi
du obra egin den garaiarekin zerikusia duela, estetikaren estandar sozialekin, garaiaren
moralitatearekin. Biluztasuna zilegia da museoaren lau pareten artean erakusten denean, baina
karrikan denean erreprimitzen da. Ez da onartzen gorputza erabiltzea protestak gauzatzeko,
gorputzean bertan grabatzea geure aldarrikapenak. Kultura judeo kristauan “jatorrizko
bekatu”aren sinboloa da biluztasuna, baina gure ikuspuntutik berau ez da bekatu iturri, ez baita
zuzena eta zilegia den jokabidetik aldentzen; aitzitik, Abel Azcona lurrean ikusteak, biluzik,
udaltzainez inguraturik, zirrara sorrarazten digu. Irudi hauek bestelakorik dakarkigute burura,
hots, ez gaituztela kalean ikusi nahi gure eskubideen defentsan.

Kalea denona eta denontzat den uste sendoa dugulako, gure herri eta hiriko kaleetan agertzen segituko dugu, biluzik edo jantzirik, espazioak okupatuz, oihu eginez.